XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak sortuak. Bi zerbitzu berri: Euskararen Defendatzailea eta euskaltegi bat

Atzo jakitera eman zenez, Donostiako Euskararen Udal Patronatuan bi zerbitzu berri hasiko dira lanean: inspektoretza bat, nolabaiteko Euskararen Defendatzaile-aren figura, hirian euskararen inguruko lege eta arauak bete daitezen arituko dena eta udal euskaltegi berri bat ikastaro teknikoak eta alfabetatze ikastaroak aurrera eramango dituena.

Jose Ramon Beloki izan da ikuskapen zerbitzu horretako buru izendatu dutena.

Azaldu zuenez, bi aste dira lan horretan hasi dela eta laneko eginbehar nagusia hauxe izango du: 1982an sortu zen Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea eta aurtengo martxoan erabaki zen euskararen erabilerarako Ordenantza Munizipala Donostiako hiri osoan behar bezala aplikatuak izan daitezen zaindu.

Oso gutxi betetzen da legedia hau - esan zuen Belokik -.

Aurrerantzean saiatuko naiz, besteak beste, udalak egiten dituen lanpostu berrietarako deialdietan eta kaleko seinalizazio guztietan euskarak behar bezalako presentzia izan dezan.

Arau horiek esaten dutenez, lanpostu berri askotan euskararen ezagutza beharrezkoa bait da, eta seinalizazio guztiak elebiduna behar du izan.

Pertsona honen beste eginkizun bat norbanakoek nahiz erakundeek, euskararen eskubideen kontrako situazioak direla-ta, egingo dituzten protestak bideratzea izango da.

Xabier Mendiguren idazle beasaindarra da euskaltegi berriaren kargu hartu duena.

Azaldu zuen atzokoan euskaltegi hau ez dela besteak bezalakoa, euskaldunberriak sortzeko, baizik eta alfabetatze ikastaroak eta batez ere alfabetatze teknikoa lantzeko.

Jadanik bukatua da euskaltegiaren egoitza, Aldapeta kaleko Goena etxean, baina martxan urrira arte ez da seguru aski hasiko.

Bertan ikastaroak egingo badira ere, UZEI, Elhuyar eta beste zenbait talderekin koordinazioan, etxe horretatik kanpoko lan handia egitea ere dute asmoa.

Laster harremanetan hasiko dira enpresa eta bestelako erakundeekin, langile taldeek beren lantokietan beren euskara hobetu eta terminologia espezialduaz jazteko aukera izan dezaten.

Epe luzerako apustua da hau, esan zuen Mendigurenek.

Txus Congil kontzejalak bestetik, Patronatu honen lehendakariordea berau udal erakunde honen orain arteko martxa laburbildu zuen.

Lau urte dira Euskararen udal Patronatua sortu zela, orduko PNV eta HBren akordio bati esker, eta harrez gero, Udal Ordenantza burutzea eta Konstituzio Enparantzako Arkubide euskal txokoa eraikitzea lortu da, besteak beste.

Euskal txoko hau harremanetan ari da jadanik Altza eta Intxaurrondoko Kultur Etxeetan sortu diren antzeko txoko batzurekin.

Euskaltegia Aldapeta kalean dago.